“Bestelako Euskal Herria Beharrezkoa da” Euskal Herriko Foro soziala sortzeko prozesuaz

ALTSASUKO BILERAREN AKTA: AZAROAK 30.

ALTSASUKO BILERAREN AKTA: AZAROAK 30.65 pertsona inguru Euskal Herriko era guztietako 40 talde ezberdin ordezkatuz.

1. AURREKO AKTAREN ONARPENA.Etxarriko bileraren akta aho batez onartu da.

2. GAURKO BILERAREN GAI ORDENAREN ONARPENA.Honi dagokionez, aurkezten den gai ordenaren bi puntuen ordena aldatzea erabakitzen da; alegia, 2. puntua 3. bihurtzen eta alderantziz.

3. BILERAN BILDUTAKO PARTAIDE GUZTIEN AURKEZPENA.Bildutakoen elkar ezagutza sustatzeko asmotan, bakoitzak bere taldearen aurkezpena egin du, bere helburuak, egitasmoak, erronkak,....

4. AURRERA BEGIRA EMAN BEHARREKO URRATSERAKO EDO URRATSETARAKO PROPOSAMENA. (Puntu honen mamia, Etxarriko lehenengo bileran adostutako EHFS-ren jarduteko oinarrizko oinarria izan da. Horren arabera, eztabaida errepikatu da, eragile gehiago ginelako eta horrek merezi zuela baloratu delako, hemendik aurrera guztiok maila berdinean jardun ahal izateko.) Jarraian, bileraren mamia zen eztabaida puntu honetan bildutako iritzi eta proposamen ezberdinak azaltzen dira.: - Foroak diagnostiko sektorialak egin beharko lituzke. Honekin batera, foroaren sozializazioa landu beharko litzateke eta ekintza bateratuak adostu eta aurrera eraman. Gainera, bertatik ekipo bat sortu beharko litzateke ikerketa batzuk egiteko. - Gauden jendea eztabaida gune ezberdinetan banatu beharko ginateke, eztabaidatzen eta lanean hasteko. - Orain arte botatako iritzien artean foro sozialaren 3 argazki ezberdin atera dira. Hori dela eta, foro sozialaren ezaugarriei buruz eztabaidatu beharko litzatekeela esan da. - Lehen aipatutako diagnostikoa egiteko nahiko berde dagola giroa esan da,eta horren arabera, lehenengo foroari buruzko eztabaida gakoak detektatu beharko liratekeela baloratu da . - Eztabaidatu beharko liratekeen gakoen artean, alderdi politiko eta sindikatuen partehartzea litzateke; hau da, eztabaidatu ea nork parte hartu dezakeen foroan. - Aurreko bileratik hona partehartzea zabaldu egin da, bai kuantitatiboki bai kualitatiboki. Hori dela eta, gaurko eztabaida bakoitzaren lan taldera eraman beharko litzatekeela esan da, eta tokian tokiko eztabaidatu ondoren, foroaren hurrengo bilerara ekarri talde bakoitzaren hausnarketa. Eztabaida gaiak dezente dira, baina laburtuz zer nolako foroa nahi den argitu beharko litzakeela esan da. Zentzu honetan, Porto Alegreko “Carta de Principios” delakoa ez genuke mimetikoki eta akritikoki gurera ekarri behar, izan ere, Porto Alegreko kartak bere leku eta espazioa du eta sortu beharko dugun karta gure leku eta espaziora egokitu beharko dugu. - Interesgarritzat baloratu da aipatutako diagnostikoak egitea, baina aurrera begira utzi beharko litzatekeela esan da. - Atera den beste gai bati helduz, termino eta horien edukien arteko bereizketa egitea eskatu da, talde politiko eta alderdi politikoei dagokionez. Horren arabera, talde politikoa eragile oro dela baloratu da , jardueratan nolabaiteko motibazio politikoak azaltzen baitira beti. - Diagnostikoari orain ekitea zaila dela baloratu da, bakoitzak bere ikuspuntutik ikusten baitu egoera. - Kontsensuak bilatu beharko litzatekeela azpimarratu da, batzen gaituena azpimarratuz eta ez banatzen gaituzten aspektuak. Metodologiari dagokionez, asanblearioa eta horizontala behar lukeela, eta eskatzen da batez ere pazientzia asko edukitzea eztabaidetan eta erabakietan. Eztabaiden lehentasunari buruz, lehenik Euskal Herria versus globalizazioa litzateke, beste gai bat beste foroetan eduki beharreko ordezkaritza mota litzateke. - Aipamenaren arabera esan da batzen gaituena dela beste Euskal Herria eraiki nahi delako, berezko eremua delako eta Euskal Herri hori ezkerretik eraiki nahi delako. - Foro hau heterodoxoa eta heterogeneoa izan beharko luke, irekia, zabala, baina edukiera sozialarekin, aldaketa soziala eta gizartea aldatzeko helburuarekin, Euskal Herria aldatu nahi izatea. - Existentzia ukatua duten herri guztiek behar dute marko bat beraien aldarrikapenak eta helburuak lantzeko. Foroaren metodologiari dagokionez, hetereogenitatea beharko lukeela esan da, inoren partehartzea ukatu gabe, “faxista batek parte hartu nahi badu ba parte hartu dezala”. Gaiak, edozein gaiak lekua eduki beharko lukeela esan da, jasotzen diren ekarpenen gaiaren arabera taldeak antolatu eta ondoren plenarioa. - Beste jarduteko irizpidetzat azaldu da honela: “elkartasuna besteei emateko lehenago ni existitu behar naiz eta ondoren eman ahal izango dut elkartasuna. Lurrarengandik eta lurrarentzako bizi nahi dugunok existitzen jarraitu behar dugu eta foro hau garrantzitsua izan daiteke horretarako”. - Foroa ez litzateke beste koordinadora batean bihurtu behar, non talde bakoitzaren gabeziak koordinadora horretan estaliko liratekeen. Aldiz, bai izan beharko lukeela gune bat non talde bakoitzak bere ekarpenak egiten dituen eta bertan jasotakoari probetxu bat ateratzen dion. - Garrantzitsutzat baloratu da Karta bat finkatzea, eta Porto Alegrekoa interesgarri izan daitekeela esan da. Edozein kasutan zalantza batzuk azaltzen ditu gai honek, adibidez, foro bezala erabakiak hartzeko egokitasunari buruz eta adostutako ekintzak burutzearen egokitasunari buruz. Hori dela eta, iritzi honen emaileak adierazi du Foroa gehiago ikusten duela eztabaidarako topagune bezala. - Aipatu da ere, foro ireki bat aurreikusten duela, baina kezka sortzen dela zalantzak egotea foroaren lurraldetasunaren inguruan. Bide batez, iritzi batean Porto Alegreko Kartarekin eta metodologiari ezadostasuna azaltzen da. Eztabaida ardatzetan oinarritzea proposatzen da. - Foroak, eztabaidarako topagunea izateaz gain, ekintza adostuak(bertan parte hartzen ari garen eragileon artean) planteatzeko aukera eman beharko lukela aipatzen da.. - Euskal Herrian eztabaida sozialik ez dago ia, eta foroak bete dezake hutsune hori. Hurrengo urteko foro mundialera joatea Euskal Herriko Foro Soziala bezala nahikoa konplikatua ikusten dela aipatzen da. Bestalde, foroan alderdi eta sindikatuen partehartzea ikusten dela esaten du beste iritzi batek. - Gutxieneko puntu batzuk jartzea proposatzen da. Garrantzitsua da ilusioa sortuko duen erreferentzia bat edukitzea, gaur egun ez dagoena eta herri mugimenduarentzako suspertzailea izango dena. - Foroan ez litzateke ideia bakar bat egon behar, aniztasuna bilatu beharko litzateke. Ideia berbera daukatenak beraien artean koordinatu daitezke, baina foroa ez da lehen aipatu bezala koordinadora bat. Indarra jarri beharko litzateke batzen gaituen aspektuetan eta ez hainbeste banatzen gaituen aspektuetan. - Banatu behar da barrura begira ze nahi den eta kanpora begira zer nahi den. Barrura begira Porto Alegreko Karta ze punturaino balio duen aztertu behar da. Kanpora begira, ordezkaritza bat izateko moduan ez gaudela aipatzen da. - Erreferentzia elementu argi bat izaten da ukatutako herrien markoa. Halaber, foroak eraiki daitezke goitik behera eta behetik gora. Azken modu honetan, borroka politiko sozialetatik abiatzen da, borroka praktiko horiek foroetara eramateko, beti ere ondoren borroka politiko sozial horietara berriro bueltatzeko. - Foroa ez da ikusten ideien baterakotasuna bilatuko duen gunea bezala, baizik eta planteamenduen aniztasunetik abiatuta ikusi ze ekintza bateratuak aurrera eraman daitezkeen. Zentzu honetan, foro mundial batetara joaten bagara Euskal Herriko Foro Sozialaren aterkiaren azpian baina Euskal Herriko aniztasuna adieraziko dituen ahots guztiak bermatuz. - “Sancochoa”ren (Colombiako janari tipiko bat) metafora erabili da Foroa, bere oinarria, ezaugarriak eta funtzioa irudikatzeko . - Euskal Herriko Foro Soziala izenak esaten duen bezala 3 osagai ezberdinez osatuta dago: batetik, Euskal Herria osoa duela bere funtzionamendurako marko bezala; bestetik, foroa den neurrian hitz egiteko eta eztabaidatzeko gunea dela; azkenik, foro hau soziala den neurrian era guztietako gai sozialetaz arituko dela. - Euskal Herria ulertzeko era ezberdinak daude, baina lurraldetasuna da batzen gaituena. Edozein kasutan, ipar bat behar da, hau da egitasmo honi oinarri minimo batzuk eman, ziurtatzeko biltzen diren talde guztien indarrak norabide berdinean batzen direla eta ez aldrebes. - Foro anitza sortu behar da, Porto Alegreko karta oinarri hartuta eta foroaren erabilera partikularrak eta partidistak ekidituz. Era berean foroak foro bezala deklarazioak egitea ekidin beharko litzateke. - Gizarte foro bat eraikitzen ari da, zabala baina muga batzuekin: neoliberalismoaren kontrako jarrera elkartze puntua izan daiteke. Porto Alegreko kartak emaitza onak eman ditu eta guretzako ere baliagarria izan daiteke. Gune ahalik eta zabalena osatu beharko litzateke bertan daukagun eragile sozial guztiak bildu ahal izateko. Saiakera egin behar dugu bai ezker edo eskuinean dauden taldeak erakartzen foroan parte hartzeko. Foroan parte hartzeko bi gauza errespetatu beharko lirateke, hortik aurrera edonor egon daiteke; batetik, marko “territoriala” errespetatzea; bestetik, Karta edo Gutuna errespetatzea. Bestalde, deklarazioetara iristen bada, ba ongi, baina nahikoa zaila da. Foroaren ordezkaritzarekin beste hainbeste. Mantso joan behar gara foroaren zabaltasuna galdu gabe. - Foroaren praktikotasuna aldarrikatu nahi dut, proposatuz aniztasunetik abiatuta foroak sektore sozial kaltetuenen alde tresna baliagarrian bihur dadin. Gure gizartean sektore sozial kaltetuenak edo aldarrika gai diren gaiak honakoak dira: 1) Sarrera propioak ez dituzten pertsonak. 2) Etxea ez daukaten pertsonak. 3) Denbora propiorik gabeko langileak. 4) Natura, lurra. 5) Euskal kulturaren ondarea. 6) Euskal herri independentista. - Gaurkoan bildu ez den jendea erakartzeko ahalegina egin beharko litzatekeela aipatu da berriro ere, eta lanketa hau Porto Alegreko Kartaren oinarrian egin beharko litzatekeela ere proposatu da. Aurrera begira, bi komisio proposatu dira: bata egitarauarena eta bestea antolakuntzarena. - Hurrengo bilerari begira Iparraldeko eragileekin harremanetan jartzearen beharra azpimarratu da , aukerak ikusi foroa osatze aldera. - Gaurko bileran erabili den metodologiarekin ez da bermatzen guztion partehartzea. Hurrengoari begira beste planteamendu metodologiko bat lantzea proposatu da, arazo hori gainditzeko. - Hurrengo bileraren gai ordenari dagokionez, puntu bat utzi dezakegu orain arte egon ez direnen ekarpena eta iritzia jasotzeko.

5. HURRENGO BILERARAKO EZTABAIDA ARDATZEN ZEHAZTAPENA.Puntu honetan hurrengo bileran argitu behar ditugun eztabaida ardatzen zerrendatzea egin da. Bertan planteaturiko eztabaidarako ardatz guztiak honako hauek dira:

5.1.- FOROAREN IZAERA: : Foroaren printzipioen gutuna. Porto Alegrekoa balio duen, ze punturaino, berezko gutuna sortu behar den,....

5.2.- FOROAREN EGITURAKETA: Egituraketa behar da edo ez, behar bada nolakoa,...

5.3.- FUNTZIONAMENDUA:Arloak, plenarioa, hauen arteko harremana. Hortaz gain, eztabaida arloen proposamena.

5.4.- FOROAN PARTE HARTU AHAL IZATEKO IRIZPIDEAK: Eztabaida honetan alderdi politikoak bai ala ez, sindikatuak bai ala ez. Horretaz gain, edozein taldeko partaide bezala edo pertsona bezala, hala biak.

5.5.- AUZI NAZIONALA

5.6.- ZE MOTATAKO HARREMANA EDUKI BEHAR DUTEN TALDE EZBERDINEK FOROAREKIN: Honekin lotuta ere argitu beharko da bertan hartutako erabakiak loturapekoak diren edo ez

5.7.- ZE HELBURU BETEKO DITU FOROAK, ZE FUNTZIO. TALDE BAKOITZAK ZE BILATZEN DU FOROAREKIN.

5.8.- “SOZIALA” KONTZEPTUAREN EZTABAIDA: Argitu zer ulertzen dugun eta horren ondorioak.

5.9.- FORO HONEN ORDEZKARITZA BESTE FOROETAN.

5.10.- EZTABAIDATU EA NEOLIBERALISMOAREN AURKA GAUDEN EDO GLOBALIZAZIOAREN AURKA.

Horrela, hurrengo bilera bitartean, talde bakoitzak puntuz puntu, ekarpenak egingo ditu Foroak izan behar dituen ezaugarriak definitze aldera. Urtarrilaren 11ean egingo den bileran, eztabaida puntuz puntu emango da, eta guztietan iritzien osagarritasuna eta adostasuna bilatuko da. Horrela, Foroa, bere oinarriak eta ezaugarriak definitutzat emango dira, eta Foroa bera eta izango duen edukia prestatzeari ekingo zaio. Horretarako ere ekarpenak egin behar dira: Foroa antolatzeari begira, zein lantalde osatu behar den eta zein eginkizunekin lantalde bakoitza.

Bileraren amaieran Argentinako mugimendu piketeroaren partaide batek Argentinan bizitzen ari diren egoera politikoa azaldu digu. Bizi duten egoera latz horren aurrean elkartasuna eta atxikimenduak jasotzeko manifestu bat eratu dutela eta, bertan bildutakoon babesa jaso nahi dute. Manifestua eta atxikimendua emateko idazkia posta elektronikoz zabalduko da datozen egunetan.

Euskal Herriko Foro Sozialaren hurrengo bileraren data jarriaz, hain zuzen urtarrilaren 11ean,eta egun osoko bilera, gaurko bilera amaitutzat ematen da eguerdiko 14´45etan.


Aurkibide