“EUSKAL HERRIKO FORO SOZIALA SORTZEKO PROZESUAZ HAUSNARTZEKO” BILERA. ETXARRI-ARANAZ 2002/10/19. BILERAREN AKTA.

PARTAIDEAK: Gazte mugimenduko 2 ordezkari, nekazal mugimendutik ordezkari bat, sindikatu baten ordezkari bat, antiglobalizazio mugimendutik 3 ordezkari, ekologista mugimendutik ordezkari bat, etorkinen elkartetik ordezkari bi ordezkari, mugimendu internazionalistatik 2 ordezkari, erakunde politiko bateko ordezkari bat, represioaren kontrako mugimendutik ordezkari bat, sarean komunikazio alternatiboko ordezkari bat, adierazpen askatasunaren aldeko talde baten ordezkari bat, mugimendu feministako ordezkari bat.

Bileraren garapena aurrera eramateko, irizpide bezala, iritzi, idei eta proposamenen arteko osagarritasuna eten gabe bilatzea onartu da, leia eta aurkakerietan erori gabe.

1-Bilera honi partaide guztien aurkezpen eta lehenengo balorazio batekin hasiera eman zaio. Lehenengo balorazio honetan argi geratu da batzuk Euskal Herriko Foro Sozialari(E.H.F.S.) buruz dexente hausnartu eta eztabaidatu dutela eta beste batzuentzako aldiz, gaia nahikoa berria dela eta ez dutela hausnarketarako aukera handirik izan. Halaber, lehenengo balorazio honetan positibotzat jotzen da gai honi buruz hausnartzeko bildu izana.

Gauzak horrela, bertan bildutako eragileen aldetik botatako iritzi ezberdinen laburpen bilduma doakizue: - Elkartasuna adierazteko eta emateko lehenengo errealitate bakoitzaren existentzia bermatu behar da, bere izaera eta identitatea ziurtatuz. Zeregin honetan EHFSak bere papera joka dezake. - Gaur egun, beste zenbait lekutan bezala Euskal Herriko Herri Mugimenduak bizi duen atomizazio soziala aipatzen da eta atomizazio honek dakarren eraginkortasun sozialaren gutxitzea. Egoera honen aurrean EHFSak bete dezakeen aglutinazio eta gune papera aipatzen da. - EHFSak bere abiapuntua Porto Alegreko Foro Sozialean izango luke, honi segida emanez errealitate sozial, kultural bakoitzean sortzen diren arazo sozialen aurrean eztabaidak, kritikak eta alternatibak sortzeko, herrietako foroak sortzeko gonbitea egin baitzen. - Globalizazioak sortzen dituen arazo guztien aurrean eztabaidarako gune komunak behar dira. - EHFSak, lehen aipatu atomizazioaren ildotik, interesgarria izan daiteke sare sozialak indartzeko. - Harrigarria da oraindik, EHFS sortzeko komenientziaz hitz egiten egotea oraindik, alegia eztabaidagai egotea. Errealitate sozial bakoitzean Foro Sozial bat egon beharko luke, errealitate horretan ematen diren borroken historia eta gaurkotasunaren sintesia egingo lukeena. Hauxe bakarrik eginda joan daiteke beste foro batzuetara ekarpenak egitera, borroka errealen esperientziak elkartrukatzera. - EHFS sortzeko ahaleginean murgildu behar garela, erori gabe Foro honek eduki dezakeen proiekzio internazionalaren eztabaidan; izan ere, Euskal Herrira begirako gunea bailitzateke. Hau da, “Beste mundu bat posible da” leloari jarraituz, beste Euskal Herri bat posible bada, Foro honetan beste Euskal Herri horren trazuak marrazten joan beharko litzateke. - Foro intergalaktikoen ondorioz, euro-zapatismo eta eusko-zapatismo bat antzematen dela aipatzen da. Ikuspuntu hauek ikuspegi kritikoz aztertu behar dira, esparru sozial zabalagoetara ailegatzeko. Bestalde, eztabaidarako behar handiak daude, baina gaur egun ematen den bezala nahikoa modu kaotikoan ematen da eta era antolatuagoa batean eman beharko litzateke. EHFSak aspektu hauek kontutan eduki beharko lituzke. - EHFS sortzeko, Bilbon egin zen “Herri Mugimenduaren Biltzarra”ren irakaspenak interesgarriak izan daitezke; izan ere, bertan parte hartutako talde bakoitzaren berezkotasuna bermatuz proiektu komun bat gauzatu zelako. - EHFS sortzeko eztabaidan hiru aspektu ezberdin bereizten ditu. Batetik, Foroak edukiko lukeen lurraldetasun erreferentzia. Bestetik, Foroaren izaera edo ematen zaion ezaugarritzea. Azkenik, Foroaren ordezkaritza. - EHFS gure herriaren aitorpenetik abiatuta sortu beharko litzateke. Sortzeko prozesua mantso doa eta bere helburu nagusia globalizazioaren eraginak maila lokalean desagerraraztea litzateke. - EHFS sortzeko, kontutan hartu beharko litzateke aurrez egondako esperientzia negatiboak, beraiengandik ikasteko, oztopoak detektatzeko, banaketa sortzen duten eztabaidak detektatzeko,...Foro Sozialak elkartasun sareak sortu beharko lituzke globalizazioaren efektuen kontra alternatiba praktikoak sortzeko. - Orain arte ezagutzen dituen Foroen ezaugarriekin ez dago ados, antolatuta dauden bezala, egiten diren bezala,....EHFS egiten bada gauza asko kontutan eduki beharko lirateke, beste Foroen akatsetan ez erortzeko. - Aurreko aipamenari erreferentzi eginez, Foro berri bat ezaugarri berriekin eta beste Foroen akatsetan erori gabe posible dela aipatzen da. - Nire borroka neoliberalismoaren kontrakotik haratago doa, herri eta pertsonen askatasuna eta berdintasuna bilatzen du. Globalizazioaren kontrako subjektu soziala ez dira “antiglobalizazio” taldeak, baizik eta bere herriko askatasunaren alde borrokan dauden pertsona eta taldeak. Bestalde, borroka bat etorkizuna izateko unibertsala berezkotasunarekin lotu behar da. Honek suposatzen du Euskal Herriko herri bezalako existentziaz abiatzea. - Partaide batek dio EHFS dagoeneko sortuta zegoela uste zuela eta beraien problematikaz eztabaidatzea zetorrela. Edozein kasutan, Foroak arazo sozial ezberdinen aurrean ekimen zehatzak bideratu beharko lituzke, alternatiba zehatzak sortze bidean. - EHFSk aniztasuna bilatu beharko luke, partaide ezberdinak bilduz izan dezaketen identitate nazionalaz gain. Bestalde, bertan alderdi politiko eta sindikatuentzako lekua egin beharko litzateke. - Foroa sortzeko egon daitezkeen aurrebaldintzen arabera arazoak sortu daitezke. - EHFS martxan jarri behar da, proposamen zehatzak egingo dituena eta hartzen diren erabaki guztiak Foroan bertan hartuko lirateke, modu demokratiko eta asanbleario moduan. Foroak mugimenduen mugimenduan bilakatu beharko litzateke. - EHFS eztabaidarako eta proposamen alternatiboak sortzeko gune bat izan beharko litzateke. Ez luke beste erakunde bat gehiago izan behar, besterik gabe jende apur bat gehiago bilduko lukeena. - EHFSren helburua ez da Euskal Herria, Euskal Herria bere marko edo eremu naturala da, besterik gabe. - EHFS onartu beharko luke pertsona eta herri guztien eskubideen berdintasuna. Funtzionamenduari dagokionez, antiparlamentario beharko luke izan eta desioen Foroan bilakatu beharko litzateke.

2- Eztabaida luze honen ondoren, adostutako printzipioak edo Foroa sortzeko adostutako gutxieneko oinarria bilduko lukeen esaldia honako hau litzateke:

“Euskal Herriko Foro Sozialak erantzun nahi dio, Euskal Herriko Herri Mugimenduak duen jarduteko espazio komunaren beharrari, egungo atomizazioarekin bukatzeko. Espazio komun horrek bide emango dio, taldeen arteko harremanari, eztabaidari eta nagusia den sistemaren aurkako salaketa integralak egiteari. Era berean, erronkak definitzeko eta horien bidean praktikan alternatibak sortzeko gunea izango da. Marko bezala Euskal Herria bere osotasunean hartuko du eta horren barruan kokatzen den edozein dinamikak tokia izango du bertan”.

3- Ondoren, aurrera begira eman beharreko pausuen inguruan eztabaida ireki zen. Batzuk azkarrago joatearen planteamenduarekin; beste batzuk, gauzak ondo egitearen alde pauso mantsoagoak ematearen beharra argudiatu zuten.

Hortaz, momentuz, soilik aurrera eraman nahi den prozesuaren hurrengo pausua adostu zen: 1. Bilera honetan gertatutakoak zabaldu talde eta pertsona guztiei akta honen bidez. 2. Azaroak 30erako bilera ireki eta zabal batetarako deia zabaltzea Euskal Herriko eragile guztiei, ondoko leloarekin “Bestelako Euskal Herria beharrezkoa da”. Bilera horren deialdia, eragile bakoitzaren gain geratzen da. Bilera horren xedea hauxe izango da: - Batetik, bertaratuko diren talde ezberdinen aurkezpena, bakoitzaren momentuko erronkak, egitasmoak, eta borrokak ezagutzera ematea, eta aurrera begira dituenen berri ere ematea. - Bestetik, ekimen edo ekintza publiko bateratu baterako proposamena adostea. Aurrera eraman nahi den bidean batera pausuak ematen hasteko. Honetarako proposamenak eraman beharko dira. - Azkenik, aurrera begira eman beharreko urratsak proposatzea (Foro Soziala Sortzeko Prozesuaren hurrengo urratsak proposatzea).

Besterik gabe, bilera amaitutzat eman da eguerdiko 14etan


Aurkibide