EUSKAL HERRIKO FORO SOZIALA: BILERAREN AKTA. ALTSASUN 03-1-11
PARTAIDEAK: ELKARTZEN, ADISKIDETUAK, BANINTZ, 8812 EKIMENA, EUSKALKIDETZA, GERNIKA BONBARDAKETAREN BATZORDEA, BATASUNA, RCADE, ESK, ARANGOITIKO EUSKAL TXOKOA, ATE-JOKA EKIMENA, SEGI, ASKAPENA, HEMEN ETA MUNDUAN, ELA, LAB, EHNE, E.A.E.ko GOBERNUZ KANPOKO ELKARTEEN KOORDINAKUNDEA, BATEGINIK, GITE-IPES, KOMITE INTERNAZIONALISTAK, ERAIKUNTZA, BILGUNE FEMINISTA, HERRIEN ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO LIGA, AHTren AURKAKO ASANBLADA.
1. GAI ORDENAREN ONARPENA.
Aurkeztutako gai ordenaren proposamenaren aurrean aldaketa batzuk sartzea erabakitzen du asanbladak. Batetik, bilera 15´30ak arte luzatzea eta ez 19´30ak arte. Bigarrenik, eztabaida gakoak ez lantzea talde txikietan eta zuzenean plenarioan lantzea. Hirugarrenik, gai ordenan puntu berri bat sartzen da, greba orokor batetarako proposamenaren puntua hain zuzen ere.
2. ERABAKIAK HARTZEKO METODOAREN ONARPENA ETA EZTABAIDA IXTEKO EGUTEGIA.
Gai honekin hasi aurretik Euskal Herrian bizi den hizkuntza gatazka bere islada eduki zuen bertan. Izan ere, partaide batzuk soilik gaztelera dakite, Lapurdiko kide batek frantsesa eta euskara eta beste batzuk euskaraz soilik hitz egitearen zilegitasunari eusten diote. Eztabaida honen arlo operatibora helduz, hau da bilera egin ahal izateko eta denok elkar ulertzeko, adosten da pertsona batek soilik hizkuntza batean hitz egin nahi badu eta ondorioz beste bat ulertu gabe geratzen bada, honek saiatu beharko du bere inguruan belarrira itzulpena egingo dion norbait bilatzen. - Gaian sartuta, adostasunetara ailegatu beharko ginatekeela aipatzen da eta ezin dela bozka prozesu bat egon, izan ere bozketan gutxiengoak baztertuta geratzen baitira. Beraz, adostasunak landu behar direla presarik gabe eta gauzak adosten direnean joango garela erabakiak hartzen. - Beste batek dio adostasunez hartu beharko liratekeela erabakiak, baina erabili gabe irizpide hori inork beto eskubidea bere gain hartzeko. - Adostasuna bilatu beharko genukeela dio bestela batzuk ez liratekeela inplikatuta sentituko erabakien ondorioetan. - Beste batek dio adostasunak eraiki egiten direla eta kasualitatez erabakiren batekin ez bazaude ados ez zaudela behartuta partehartzera. - Beste batek dio betorako tentazio horiek maila batean ekiditeko bi proposamen egiten ditu. Bata, ados ez gauden zerbaiten aurrean, beti proposamen alternatiboa aurkeztea. Eta bigarrena, erabakiak ez izatea loturapekoak edo binkulanteak; ondorioz, ados ez dagoenak ere ez du beto jarrerarik edukitzeko tentaziorik edukiko, kide honen ustetan.
3. EZTABAIDA GAKOEN LANKETA.
Eztabaida gakoen eztabaidari hasiera ematen zaio lehendabiziko gakoarekin: foroaren izaera(foroaren printzipioen gutuna). Lehenik eta behin gai zehatz honi buruz ekarpenak egin zituztenak hitza hartu zuten bakoitzaren ekarpena labur-labur azaltzeko. Eztabaida gako zehatz honi buruzko ekarpenak azaldu ondoren, bildutako beste partaideek aukera eduki zuten hitza hartzeko. Hona hemen bertan bildutakoak: - Porto Alegreko gutuna interesgarria dela dio, baina ezin dela hitzez hitz hartu eta bertako egoerara egokitu behar dela. - Batez ere egin beharko litzateke jarkipena ez globalizatu. - Dinamikari, praktikari eta lanari garrantzi gehiago eman ideiei baino, batez ere dinamikaren foro bat izateko eta ez idei soilen foroa. Bere ustez, egokiena gutunik ez egotea eta sortzen den dinamika propio litzateke foroa definituko lukeena. Azkenean gutuna egin beharko balitz oinarrizkoa izatea proposatzen du; hots, zabala, oinarrizko printzipioekin. Hurrenez hurren, Euskal Herria izatea bere funtzionamendu markoa, lurralde esparru horretan kokatzen den edozein pertsona edo talde lekua izatea Euskal Herriko Foro Sozialean; bestetik, gutunean foroaren ezker izaera hori jasotzea; eta azkenik, lehen aipatu bezala inor ez baztertzea eta edozein pertsona eta talde partehartzeko aukera izatea. - Gutun propioa egitea baztertzailea izango ez dena eta Porto Alegreko gutunaren aspektu positiboak jasoko lituzkeenak. Porto Alegrekoa hitzez hitz hartuta ez da baliagarria gure berezkotasunak ez dituelako jasotzen eta horretan oinarriturik bazterketa emango litzatekeelako. Behar dugun gutuna praktika lehenetsi behar du, joera hau baita demokratikoena. - Bere iritziz, Porto Alegreko gutuna oso orokorra da eta gure errealitatea egokitu beharko genuke, dezente zehaztuz gauza ezberdinak. - Ez diogu erreparorik ikusten Porto Alegreko gutunari, baliagarria da. - Bere ustetan Porto Alegrekoa hartu beharko genuke, besteak beste gutun berri bat 0tik hastea oso zaila eta nekagarria delako. Hortaz gain, hemendik aurrera egin daitekeena ere 0tik hasi behar bagara baldintzatuko duelako. - Porto Alegreko gutunak balio dezake beharrezko minimo hori finkatzeko, non jende guztia kabitu daitekeen. - Bere ustetan, Porto Alegreko gutuna egokitu beharko litzateke Euskal Herrira eta lan horretan gutuna egokitzeko erabiliko den metodologia garrantzitsua izango da eta hori kezkatzen gaitu. - Bere esanetan, Porto Alegreko gutuna Brasileko gizarteari eta brasildarrei egokitua da, baina gu ez gara brasildarrak eta hau ez da Brasil, guk gutun propio bat behar dugu. - Honen ustez, Porto Alegreko gutuna da batzen gaituena eta egokia dela iruditzen zaigu. - Printzipioen definizio xume, orokor eta zabal batekin nahikoa litzatekeela dio, adostasuna lortzeko. - Bere esanetan, Porto Alegreko gutunaren aspektu positiboak aprobetxatuz, gutun hau oinarri gisa balio dezake baina Euskal Herriko egoerara egokituz. Hortaz gain, batez ere baloratzen duguna foroaren dinamika da eta gutuna egin beharko bagenu operatiboagoa litzateke komisio bat horretan aritzea bilera hauen dinamika ez blokeatzeko eta era berean gaia ez lurperatzeko eta urratsak eman ahal izateko. - Bere iritziz, Porto Alegreko gutuna ez da integratzailea eta baztertzailea da. Gutun hori Euskal Herrian batzuk baztertzeko balio dezake, gainera gutun hori ez du balio bertan daukagun konplexutasunerako eta Porto Alegreko gutuna ez da neutroa. Beste alde batetik, foroak praktikari eman beharko lioke lehentasuna, praktika hori baita foroari horizontaltasuna eta demokratikotasuna ziurtatuko diona. - Aurreko Porto Alegreko gutunaren irakurketaren aurrean, bere iritziz Porto Alegreko gutunak akordio minimo batzuk betetzen ditu eta jasotzen du mugimendu sozialen espiritua. - Bere esanetan, gutuna egitea ezin da izan baldintza bat aurrera egiteko, ezin du izan lehendabiziko urratsa. Hortaz gain, Porto Alegreko gutuna ez da baztertzailea, oso zabala da eta gutun hori eskutan defendatu ahal izan zen HBren partaidetza bertan. - Euskal Herriko Foro Soziala integratzailea izan behar da eta bere baitan talde eta mugimendu alternatiboak bildu behar ditu. - Arazoa ez da gutuna izango, baizik eta foroaren itzalean borroka moten inguruan sortu daitezkeenak. Guzti hau ikusi izan ahal da beste zenbait foroetan, Genova,... - Bere iritziz, gai honekin ez trabatzeko eta adierazpen zabala osatze aldera, adostasuna sortzeko asmoz deklarazio bat osatzea planteatzen du oinarrizko aspektu hauek bilduz: 1) Euskal Herriko Foro Soziala eraiki dugula adieraztea. 2) Euskal Herria dela bere funtzionamendurako markoa; hau da, marko horretan kokatzen den edozein pertsona eta talde lekua dutela aipatu foroan. 3) Ezkertiar ikuspuntua jasoaz, foroak globalizazio kapitalista eta inperialistaren ondorioen kontra borrokatuko du. 4) Partaideen aniztasuna kontutan hartzea, partehartze horizontal bat sustatuz inor baztertu gabe. 5)Beste foro batzuei agurra eta oniritzia. - Ikusitakoa ikusita, bere iritziz gutuna oztopo batean bihurtzen bada adostasunik ez dagoelako eta egoera blokeatzen duelako, baztertu egin beharko genuke. - Bere ustetan, orain arte entzundakoak kontutan hartuta, ados egon gaitezkeen aspektuak: foroak aniztasuna kudeatu behar du, heterogenidade hori, ondorioz inklusioa bilatu behar du eta norbait baztertzeko erabili daitezkeen elementuak saihestu. - Greba orokor batetarako deialdiaren premia argudiatzen du foroari zuzendua. Hain zuzen, globalizazioaren kontrako greba orokorra, zenbait arrazoietan oinarrituta: Prestige kasua, politika antisozialak beldurra eragin nahi dutenak botoak jasotzeko, erakunde politikoen ilegalizazioa,... - Proposatzen du hurrengo bilera bitartean komisio bat eratzea, zirriborro bat aurkeztuko lukeena printzipioen gutun moduan edo foroaren adierazpen moduan. - Aurrekoari erantzunez, gauza guzti hauek plenarioan egin beharko liratekeela dio, ez litzatekeela egokia plenarioaren komisioarekin hasi eta ondoren komisio honen komisioa azkenik jerarkizazio prozesu bat emateko. - Bere iritziz, Etxarriko lehendabiziko bileran onartu zen oinarrizko deklarazio hura laburbiltzen du gaurko bileran entzun diren iritziak. Deklarazio hori irakurtzen du eta gaur denok deklarazio hori onartzearen komenientzia aipatzen du. - Aipatzen du, foroari oinarri batzuk emateko eztabaidarekin jarraitzearekin batera, komenigarria litzatekeela zenbait egoeren aurrean foroak erantzun praktikoak gauzatzeko tresna izatea, adibidez: greba proposamen hori, Irakeko gerra,... - Proposatzen du Joxemi Zumalabe Fundazioak hurrengo bilerarako lehenengo puntu honi dagokionez, adostasuna jaso duten printzipioak bilduz idazki bat osatzea. Proposamen hau onartu egiten da eta Fundazioak bere gain hartzen du idazki hori osatzea. - Hurrengo bileran gauza praktikoagotan sartu beharko ginateke, adibidez ze foro mota nahi dugun edo ze funtzionamendu mota. - Bere esanetan, ikusita sortu den blokeo egoera hurrengo bileran aurrera jotzeko soilik ados gauden horrekin geratu eta ea funtzionatzeko oinarri gisa balio digun.
Bilera amaitutzat ematen da arratsaldeko 15´30tan. Hurrengo bilera otsailaren 8an egitea onartzen da. OHARRA: Azkenean otsailaren 15ean egingo da goizeko 9´30tan Altsasuko Kultur Etxean, otsailaren 8an ezinezkoa izan delako bilerarako lokal bat bilatzea.
LEHENDABIZIKO PUNTUARI DAGOKIONEZ, ADOSTASUNA JASO DUTEN PUNTUEKIN OSATUTAKO ESALDIA:
“Euskal Herriko Foro Sozialak erantzun nahi dio, Euskal Herriko Herri Mugimenduak duen jarduteko espazio komunaren beharrari, mugimenduok egun bizi dugun atomizazioaren aurrean. Espazio komun horrek bide emango dio, taldeen arteko harremanari, eztabaidari eta nagusia den sistemaren aurkako salaketa integralak egiteari; hau da, globalizazio kapitalista inperialistaren ondorioen aurkako salaketa integralak egiteari. Era berean, erronkak definitzeko eta horien bidean praktikan alternatibak sortzeko gunea izan daiteke. Betiere sortuko diren ekimenak, ekintzak, proposamenak eta den delakoak, horrela aukeratu duten eragile sozialena izango direlarik, foroa guztion espazio fisikoa izatera mugatuko baita. Marko bezala Euskal Herria bere osotasunean hartuko du eta horren barruan kokatzen den edozein pertsona, talde edo dinamikak tokia izango du bertan, inongo bazterketarik gabe”.