EUSKAL HERRIKO GIZARTE FOROAREN BATZARRA: 04-10-23 BILERAREN AKTA.

Partehartzaileak: ELA, ESK, STEE-EILAS, Gazte Abertzaleak,Giza Eskubideen Behatokia, Askapena, Segi, Komite Internazionalistak, LAB, Bilgune Feminista, Harresiak Apurtuz, G.K.E.-n Koordinakundea, Zutik, Gogoa, Eraikuntza, Herrien Eskubideen Liga.

 

1.      Aurreikusita zegoen gai-ordenaren aldaketa.

Londreseko Foro Sozialean euskal hizlari bat adosteko prozesua, asanblada honetan parte hartzen duten hainbat eragileen artean emandakoa, hain zuzen, katramilatsua izan da eta Euskal Herriko Gizarte Foroaren izena Londresen aipatua izan denez, erabaki da lehenbiziko gaia hauxe izatea, asanblada honetan argibide guztiak agertzeko.

2.      Londreseko Gizarte Foroa dela-eta gertatutakoak.

Euskal Herriko Gizarte Foroko asanbladen dinamikatik kanpo Londreseko Gizarte Foroa dela-eta izan diren eragile batzuen arteko gertaerak azaldu dira. Horretarako gertatutakoaren inguruan ikuspuntu desberdinak sortu dira.

 

-       Eskainitako informazioa. Londreseko foroko plenario baterako euskal hizlari bat bidaltzeko aukera zegoen. Hau guztia Europako Foro Sozialeko antolakuntza bileretan parte hartu duten euskal eragileak egindako lanaren emaitza da. Egoera horretan, eragile hauek hizlaria adosteko prozesu bati ekin zioten, betiere Euskal Herriko Gizarte Foroko asanbladen dinamikatik kanpo. Hiruzpalau eragile horien artean hizlaria adostu ezinik zebiltzala, propaganda eta egitaraua zehazteko epeak agortu ondoren, egoera ikusirik, Londreseko antolatzaileek euskal eragile hauei planteatu zieten, egitarauan zerbait jarri behar zenez, Euskal Herriko Gizarte Foroko kide-ordezkari gisa aipatzea. Londreseko antolatzaileen proposamen honi ez omen zioten oztoporik jarri tira-bira honetan murgildutako euskal eragileek.

-       Egoera honen aurrean lehenbiziko irakurketa:

EHGFren izenean Londresen hizlari bat agertu izanak, EHGFko asanbladan hori adostu gabe, adierazten du kontsensuaren araua hautsi egin dela EHGFko asanbladetan.

 

Egoera ikusirik egiten duen balorazioa hauxe da: batetik, EHGF erabiltzen ari dela batzuen interesen arabera. Bigarrenik, kontsensuaren araua hautsi dela eta horren erakusle da irailaren 17an izandako asanbladan bozketara ailegatu izana. Hirugarrenik, foro internazionaletan ezin duela inork agertu EHGFko ordezkari gisa.

 

Aurreko guztiak II. Topaketei dagokienez dituen ondorioen artean: batetik, ez daude baldintzak II. Topaketa antolatzeko, eragileen artean konfiantza berreskuratu eta kontsensuaren arauak bete arte. Ondorioz, prozesu honetatik kanpo geratzen dira eta II. Topaketa egingo balitz beraien jarreraren azalpena emango lukete.

 

-       Bigarren irakurketa hauxe izan zen:

Euskal hizlaria Londreseko antolatzaileek jarritako epeetan adosten ez genuenez, Londresetik planteatu zuten konponbideren aurrean inork ez zuen oztoporik jarri; hau da, EHGFko ordezkari-kide batek emango zuela hitzaldia. Hori dela-eta, harritu egiten dira orain erabiltzen den argudioaz; eta edozein kasutan, argi utzi nahi du bere taldeak inoiz ez duela eduki EHGFko ordezkari gisa hizlari hori aurkezteko asmorik, are gutxiago EHGFko asanbladan horrela ez bada erabaki.

 

- Hirugarren irakurketa: Londreseko hizlaria aukeratzeko tira-bira horretan murgilduta egon ez denaren partaide batena, hain zuzen ere:

Bere taldeak EHGFko prozesuari ematen dio garrantzia. Prozesu hori hankaz gora geratu da batzuek eta besteak eduki duten jokaerarengatik. Londresekoa dela-eta, izan diren bi aldeen jokaera kontuan hartuta, talde txikientzako ez da batere erraza prozesuan sinestea, “txuleatuta” sentitzen dira. Halaber, talde txiki gehiago sentimendu berberarekin daudela gehitzen du.

 

3.      Orain azaleratu den informazioa kontuan hartuta, zer egin: EHGFri dagokionez eta II. Topaketei dagokionez.

Eten bat egin da gaiaz hausnartzeko eta ondoren bi galdera horiei buruzko iritziak jaso dira, partaide guztien artean erronda egin ondoren.

 

Atal honetan jaso diren iritziak laburbilduko ditugu orain:

 

EHGFko MARKOARI BURUZ. Gai honi buruz kontsensua egon da partaide guztien artean. Hau da, foroa bera krisian dagoela eta eragileen artean konfiantza berreskuratu behar dela; horretarako eragile bakoitzak izan duen jarreraz hausnarketa kritiko bat egin behar du. Bestela esanda, ados daude denak foroa marko gisa berreskuratu behar dela eta bere funtzioa interesgarria delako gizarte mugimenduentzako, eta ondorioz, aurrera begira denek egingo dutela lana eta borondatea dutela, gainera, foroaren egungo egoera gainditzeko.

 

EHGFko II. TOPAKETARI BURUZ. Gai honi buruz ez da kontsensurik egon. Hortaz, asanblada honetatik II. Topaketak antolatzeko baldintza nahikorik ez dagoela azpimarratu da. Era berean, argi geratu da ere, orain arte tailerrak antolatzen ibili direnek egin duten lan guztiarekin aurrera jo nahi badute, aukera hori badutela, beste asanblada deituz eta bertatik nahi duten ekimena antolatuz.

 

Hauexek dira gai honi buruzko ondorioak. Ondorio hauetara ailegatzeko, esan bezala, erronda egin da, eta ildo nagusi hauek agertu dira.

Lehenengoa, egoera honetan ez dagoela baldintzarik topaketak antolatzeko, kontsensua eta konfiantza berreskuratu arte; ondorioz, ez luketela parte hartuko topaketa batzuetan. Bigarrena, II. Topaketak aurreikusitako datetan egin behar direla, emandako arrazoiak ez egiteko aitzakiak besterik ez direlako. Hirugarrena, talde txikiekiko egon diren jarrerak direla-eta nahigabea zabaldu den arren, dagoeneko egin den lanarengatik eta honi bide emateagatik, topaketak jarritako datetan antolatuko lituzkete. Laugarrena eta azkena, dauden bi aukerak txarrak direla nabarmendu ondoren, alegia, topaketak ez burutzea edo burutzea aurreikusitako datetan edozein baldintzatan, nahiago du topaketaren datak atzeratzea.

 

Bilera amaitu aurretik adostu da gertatutakoa azalduko duen idazkia Fundazioak idatziko duela. Ondoren eragile guztiei banatuko zaie.

 

Asanblada eguerdiko 14:00etan amaitu da.